jueves, 19 de febrero de 2009

¿QUÉ ESTÁ PASANDO?

Artikulu honen hasieran egiten den galderak arreta berezia piztu digu: "Gure eskolak prest al daude, oso azkar aldatzen ari den XXI. mendeko mundu honetan ikaslego eta arazo sozialen aniztasunari erantzuteko?" Esparru honetako gure ezagutzak urriak badira ere, taldeko laurok pentsatzen dugu egungo hezkuntza sistema honek ez gaituela prestatuko gure etorkizuneko ikasleen beharrei erantzuteko. Zergatik pentsatzen dugu hau? Arrazoi ezberdinengatik. Alde batetik, jasotzen ari garen formakuntzak ez du ziurtatzen erabiliko dugunik. Honekin ez dugu esan nahi jasotako ikasgaietatik ezagutza berriak lortu ez ditugunik edo eta baliagarriak gertatuko ez zaizkigunik, ez; eduki teoriko asko eta praktika gutxi eman ditugula baizik. Emandako ikasgaiekin eta hiru hilabeteko praktiketako esperientziarekin bakarrik ezinezkoa da irakasleen kalitatezko formakuntzarik lortzea. Jakina da teoria ezberdinak ezagutzea oso lagungarria dela kalitatezko irakaskuntza bat emateko, baina, teoria horiek praktikara eramatea ezinbestekoa da eta ematen zaiona baino garrantzia handiagoa eman beharko litzaioke. Ikasitakoa ez dugu oraindik egoera erreal batean praktikan jarri, beraz, oraindik ez dakigu zenbateraino baliagarriak izango zaizkigun. Tresnak agian ezagutuko ditugu baina erabiltzeko aukerarik eskaintzen ez badigute...
Bestalde, ikastetxe batean irakasleak bere gustokoa duen metodologia aplikatzeko askatasuna zenbaterainokoa den ere ez dakigu. Adibidez, gure irakasteko modua ikastetxeko zuzendariaren, hamar urte irakaskuntzan daramatzan aldameneko gelako irakaslearen edo eta ikasle baten gurasoen gustokoa ez bada, nola egin aurre halako egoera bati? Zenbateraino gaude ohiko hezkuntza sistemaren edo lanean jardungo dugun ikastetxeko irakaskuntza ereduaren menpe? Demagun, Haur Hezkuntzan hasten garenean, afektibitateari eta ikasleen gaitasunei arreta gehiago jartzen diegula hauek alfabetatzeari baino. Lankideen aldetik babesik izango al genuke? Gure irakasteko eredua aldatzera behartuak izango al gara? Eta unibertsitatean ikasitako guztia?
Jakin beharko genituzkeen galdera hauen erantzunak ezagutzeke gaude oraindik, irakasle tituloa eskuratzeko karreraren erdia eginda dugun honetan. Zenbateraino gauden erakunde, zuzendari, irakasle eta gurasoen ereduen menpe ziur ez jakiteak, lanean hasten garenean tituloarekin baina “en pelotas” harrapatuko gaituelakoan gaude; eta, ikastetxearen irakaskuntza eredua gure gustokoa ez delako zoritxarreko halako egoera batean aurkitzen garenean, babesik ezean, trenaren bagoi horretan sartuko garen ustea dugu eta ondorioz, etorkizuneko gure ikasleen beharrei, agintariek ezarritako ereduarekin erantzutera derrigortuak.

No hay comentarios.:

Publicar un comentario