jueves, 29 de abril de 2010

AURKEZPENA

Atzo, Apirilak 28, gure eskoletan izandako esperientzien aurkezpena egin genuen. Gure proposamena, diapositiben bitarteko aurkezpen bat ez egitea izan zen. Askotan, aurkezpenak egiterakoan obsesionatu egiten gara power point eta bestelako baliabideekin. Hauek erabilgarriak izan daitezke argazkiak, grafikak, edo bestelako irudiak jartzerakoan. Bestalde, atzokoa bezalako aurkezpen baterako ez zitzaigun beharrezkoa iruditzen.

Honela, hasieran zapata kaxa batekin egindako ordenagailu bati begira jarri genituen gure ikaskideak eta ahots monotono batekin grabatutako aurkezpena jarri genien. Ondoren hau guztia egitearen arrazoia azaldu genuen, hots, askotan gure aurkezpenak teknologia berrietan oinarritzen ditugula eta benetan garrantzia duena aurkezpena egiten duen pertsonak transmititzen duena dela.

Bakoitzak bere esperientzia azaldu genuen baina batez ere Berrobiko eskolako esperientzian sakondu genuen, bertan dituzten bi blogetan sartu ginelarik.

Amaitzeko, ondorioak aipatu genituen eta horretarako behean dagoen power point-a erabili genuen.


jueves, 22 de abril de 2010

IKTen ERABILPENA IKASTETXE DESBERDINETAN

Gure taldeko ikastetxeak Berrobiko San Andres eskola, Oiartzungo Haurtzaro ikastola, Anoetako Herri ikastola, Andoaingo Aita Manuel Larramendi ikastola eta Oreretako Orereta ikastola dira. Bost ikastetxeetan dituzte informazioa eta komunikazioaren teknologiarekin loturiko baliabideak. Baliabideak antzekoak izanagatik ere, bost ikastetxeen artean konparaketa egin eta hauei ematen zaien erabileran desberdintasunak nabarmenak direla ikusi dugu; batez ere, erabileraren maiztasunean eta helburuetan. Ondorengo lerroetan IKTen erabilpenari dagokionean aurkitu ditugun ezberdintasunak azalduko ditugu.
Ikastetxe guztietan daude ordenagailuak gelan, gehienetan bakarra dago eta batean bi daude. Bestalde, nahiz eta gela guztietan ordenagailua egon hauei ematen zaien erabilera ezberdina da. Esaterako, Anoetako ikastolan ordenagailuen erabilera egunerokoa da. Txoko berezi batean aurkitzen dira ordenagailuak, jolas-txokoan hain zuzen ere. Gela txokotan antolaturik dago eta egunean zehar txokoz aldatzen dira. Jolas-txokoan dauden haurren artean batek du ordenagailua erabiltzeko aukera, taldea txoko horretan dagoen aldi bakoitzean. Gainera, irakasleak ipuin multimediak erabiltzen ditu: ipuinak berak zuzenean kontatu beharrean ordenagailuan jartzen ditu, honen lehenengo kontaketan.

Aita Manuel Larramendi ikastolan berriz, ordenagailua oso gutxi erabiltzen zuten. Irakasleak bere gauzetarako erabiltzen zuen, baina haurrekin, Urtxintxako CD-rom-eko ipuinak entzuteko eta haurrek ikastolara eramandako DVD-ak ikusteko erabiltzen zuten batez ere. Horrez gain, irakasleak haurrek ikasgelan egindako ekintzak grabatzeko eta argazkiak ateratzeko ohitura zuen, eta gero, horiek ikastolako Web orriaren arduradunari pasatzen zizkion eta honek orrian zintzilikatzen zituenean, ikasgelan ikusten zituzten.
Haurtzaro ikastolaren kasua oso bestelakoa da. Honetan, ordenagailuaren erabilera oso murritza da eta praktikaldiak iraun duen sei asteetan behin bakarrik erabili izan da: irakasleak interneten nabigatuaz, haurrei zenbait argazki erakusteko hain zuzen ere. Hasieran taldekideok pentsatu genuen adinaren kontua izango zela, gela honetako haurrek hiru urte zituztelako, baina esan zigunez, ondoko gelako haurrek, hiru urtekoek alegia, maiz erabiltzen zutela ordenagailua, egunerokotasunean sartzen zen. Beraz, erabilera irakaslearen estilo edo metodologiaren araberakoa da.
Berrobiko eskolako gelan bi ordenagailu daude. Haurrek askatasun osoz erabil dezakete txoko hau nahi dutenean. Jolas librearen garaian, haur batek ordenagailuan egoteko gogoa bazuen, irakasleak baimena ematen zion, noski, ordenagailuaren aurrean pasatzen zuen denbora kontrolatuta. Askotan, haurrak beraiek ziren, aspertzen zirenak eta beste ekintza batean hasten zirenak. Gainera, interneteko konexioa aprobetxatuz zenbait argazki ikusi edo informazioa bilatzeko erabiltzen dute. Adb: Behin neska baten etxean txekor bat jaio zen. Honela, youtube-a erabiliz txekor baten jaiotzaren bideoa ikusi zuten. Azken hau ez zegoen aurreikusirik edo programaturik baina gelan internetera konektaturik egoteak hau ahalbidetu zuen.

Azkenik esan Orereta ikastolan ordenagailu txokoa taldeka erabiltzen dutela ordu erdiz jolas-garaitik bueltatzen direnean. Ordu erdi horretan, gela txokotan banatzen da, eta ordenagailua beste txoko bat da. Haurrek libreki aukeratzen dute ordenagailuan egon nahi badute edo beste txoko batean. Denbora murriztua dute, nahi duten guztiak erabili dezaten. Hau tutoreak kontatua dakit, ordenagailua sei astetan ez baita modu honetan erabili. Bideo solterenbat ikusteko edo argakiren bat erakusteko erabili da, baina egia esan, oso oso gutxitan.
Metodologiari dagokionez, bost ikastetxeetatik lautan Urtxintxa proiektua erabiltzen da. Proiektu hau, ikastoletan erabiltzen da, eta jada 2000.urtean hasiak ziren IKT plan baten diseinuan. Baina hau dena aurrera eramateko, ardatz nagusi batzuk jarri behar izan zituzten martxan: Ikastoletako azpiegitura indartu, irakasle eta profesionalen prestakuntza, giza baliabideak jarri (IKT dinamizatzaileak ikastoletan jarri), software baliabideak sortu bai ikastetxearen kudeaketarako eta bai irakaskuntzarako, eta azkenik, dinamizazio lan bat egin. Honekin guztiarekin ikus dezakegu, IKT-en kontu hau ez dela oraingoa, eta ikastetxeak dagoeneko ibilaldia horretan sartuak daudela.

Berrobiko eskolan metodologia desberdina erabiltzen da. IKTei dagokienean bi proiektu dituzte martxan: Pelutxe proiektua HHn eta Asmakilo proiektua (edo antzeko zerbait) LHkoekin. Eskolako web orrialdean bi blog dituzte: bata eskolarena berarena, Gure bloga izenekoa, eta bestea Lizartza eta Albizturreko eskolekin amankomunean dutena, Kontu kontari izenekoa.

Lehenengoan eskolan egiten diren proiektuen berri ematen dute ikasleek beraiek. Argazkiak eta bideoak zintzilikatzen dituzte. LHkoek udaberriko oporretara joan aurretik bertan asmakizunak zintzilikatzen zituzten. Honela, egunero pista bat zintzilikatzen zuten eta eskolako irakasle, ikasle, guraso,…erantzun posibleak bidaltzen zituzten.

HHko ikasleen kasuan, beste eskolekin komunean zuten blogean (Kontu kontari izenekoa) beren berri ematen diete. Honetarako pelutxe proiektua erabiltzen dute. Praktiketako egonaldiak iraun duen bitartean Lizartzako eskolakoen panpina izan dute gelan eta eguneko arduradunak etxera eramaten zuen. Panpinarekin bizitutakoen berri ematen zieten beste eskolakoei blogaren bitartez. Guztiek etxera gutxienez behin eraman eta gero, Arotz-enean egindako egonaldian berriz ere panpinak trukatu zituzten.

Irakasleen formakuntzari begira esan, kurtso hasieran oinarrizko ezagutzaren ingurukoak jaso dituztela. Gero urtean zehar ikastetxe batzuetan ez zituzten ikastarorik jasotzen, baina, beste batzuetan ikasturtean zehar ikastaroak online egiteko aukera zuten, Orereta Ikastolan adibidez. Orokorrean irakasleen jakintza erabiltzaile gisakoa da, baina esan, gure aburuz, ez dutela gehiago behar.


GURE ONDORIOAK:


Teknologiak denbora gutxian, interes ekonomikoak direla eta, izugarrizko aurrepausua eman du, gure bizitzetan ezinbesteko bilakatu arte. Kontrolik gabeko fenomenoa da, ekarriko dituen ondorioak zeintzuk diren jakin gabe. Ardatz nagusi bilakatu da, inolako hausnarketarik gabe irentsi dugularik, beharrak sortuz gure egunerokotasunean. Hasiera batean, helduongana iritsi zen eta honen ondorioz haurrengana iritsi. Eta nola iritsi ere, gaur egun ordenagailurik gabeko etxea edo gela pentsaezina dela. Eta nola eragiten du honek guztiak gure bizitzean? Zer nolako jendartea lortu nahi da hau guztiarekin? Interesik ba al dago honen atzean? Zer nolako pertsonak sortuko dira hemendik?
Jendarte indibidualista, kontsumista, kapitalista, egoista, adiktibo, pasibo ............... sortu nahi dute, eta gure jarrera zein da hezitzaile bezala? Datorren bezala hartu, edo kritikoki egoera hausnartu eta honen aurrean zerbait egin? Hezitzaileak garen moduan zer nolako haurrak nahi ditugun pentsatu behar dugu, zer nolako hezkuntza, zer nolako balioak transmititu. Pantaila baten aurrean tontotuak geratzen diren haurrak? edo mugimenduaren bidez plazerra sentitzen duten haurrak? beraien sormena ebaki edo sormenari hegoak eman?

Honekin guztiarekin pentsatzen jarrita, ezin dugu Eskola 2.0 plataforma alde batera utzi. L.Hko haur bakoitzak portatil txiki bat edukitzearen aldeko plataforma. Hemen ere inbertsio handia egin da teknologietan, hausnartu gabe zein izango den erabilera edo ekarriko dituen onurak. Beraien aburuz, hezkuntzan inbertsioa egin dute, baina hau benetan zeinen interespean dago? haurrei begira egin da? irakasleei begira? edo kapitalismoaren beste estrategia bat da? Etorkizuneko haur hauek paperezko ipuinak ezagutuko al dituzte? Biziko al dute orrialdea pasatzean sentitzen den zirrara hori? Ipuin bat aukeratzeak ematen duen emozioa?

Gure gaurko haur hauek, gurekiko zer berezitasun dituzten kontuan hartzea beharrezkoa da. Jatorriz digitalak diren haur hauek, konektatuak bizi dira, teknologia lagun gertatzen zaie, ez die beldurrik ematen. Esan bezala, teknologia asko aurreratu da oso denbora gutxian, eta asmatu gabe dauden teknologiak erabiltzeko prestatu behar ditugu. Gure esperientziatik ikus dezakegu, baliabideak badaudela gela gehienetan, baina ematen zaien erabilpena agian ez dela egokiena. Prestakuntza arazo bat ikusten dugu hor, ez baliabide falta. Metodologia aldatzen ez bada, IKTak ez dute bere erabilpen zuzena edukiko. Askotan, material gehigarria eskaini beharrean, beste ekintza baten ordezkatzaile moduan erabiltzen dira. Adibidez, ipuin multimediak egongo lirateke. Kasu honetan, uste dugu ez diogula inongo abantailarik ikusten. Non geratu da kontalari zuzenaren xarma?, non dago ahozkoa ez den komunikazio horren aberastasuna?, ez al gara sentimenduen ateari bizkarra ematen ari?. Teknologiari ateak zabaldu bai, baina oso ondo jakin behar da nola erabili.

Azkenik, batu gaitezen teknologiak gu jan, eraldatu eta tontotu baino lehen!!!!!!!