Gure teknograman landu dugun gaiari bueltak ematen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu! Miren Agur Meaberen poesia hau egokia iruditu zaigu hausnarketarako eta besterik gabe, irakurri eta disfruta ezazue! Norbaitek interesa badu www.miren-agur-meabe.com orrialdean bere lan gehiago dago zintzilikaturik.
Galdeketa
Non daude pozaldi horailetatik
batzeko ginen taupada hordigarri haiek?
Non, belaontzien ezpalez
eraikitzekotan ginen sutondo ibiltaria?
Non dago tigreen marrekin
dekoratu nahi genuen aberri berria?
Non, iraganaren magalari atximurka eginez
berretsi gura genituen gure paisajeak?
Non geratu da gure lehen ohe hartako erloju ezberdina?
Non galdu dugu misterioaren ura,
zeinahi utopia bedeinkatzeko balio ziguna?
Non gorde duzu irudimenaren maleta?
Zer dago orain barruan?
